Lasarte-Oriako 2008ko aurrekontuak: bigarren atala
eaj_lasarte-oria @ 20:23
Estitxu Alkorta Berria-n (2008-05-23)
Hona bigarren idatzia, EAJren iritzia plazaratzeko, PSEk eta EBk aurten Lasarte-Orian onartu dituzten aurrekontuei buruz. Mugika jaunak nire aurreko gutunari erantzun subjektibotasun eta irain saiakeraz betea eman nahi izan zion, baina egiaz jabetzeko, aurrekontuen datuak eta informazioa irakurtzea baino argibide zuzenagorik ez dago. Hortaz, hona hemen datuak: 130 etxebizitza libre eraikitzen ari dira une honetan Loidibarren eremuan; 108 etxebizitza libre eraikita daude dagoeneko Gaztañagan; 238 etxebizitza libre, guztira. Eta ziurrenik, beste 50 bat eraikiko dira Loidibarrenen, babes ofizialeko etxebizitza bakar bat ere eraikitzen hasi aurretik. Gainera, guk eta EBk, oposizioan zegoenean, sarritan salatu izan dugun moduan, Kotxeras eremuan doazen 405 etxebizitza babestuak eraikitzeko aurreikuspen zehatzik ez dagoenez, etxebizitza libreak lehenago eraikiko dira, eta eraikitzen ari dira! Halabeharrez, eta enpresa eraikitzaileen interesak gazteon interesen aurretik jarriko dituzte.
Bestalde, haur eskola enpresa pribatuen bidez kudeatu nahian jarraitzen dute. Urchueguia andreak nahiago du urtero 300.000 euroko gastua herritarroi leporatzea, erraz saihestu zezakeen arren, Haurreskolak partzuergoan sartu izan balitz. Behin eta berriro ohartarazi izan diogu azpikontrataturiko enpresak nekez lortu ahal izango duela Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen kalitate-ratio berberak, kuotak nabarmen igo ezean. Horren ondorioz, soldata prekarioak mantentzera edota hezitzaile/gela erlazioa murriztera behartuta egongo da. Eta azkenik, horixe gertatu zen lehengo urtean bertako langileen protestak eta greba mehatxuak tartean egon zirelarik. Gauza berbera gertatu liteke aurten berriro ere!
Bukatzeko, EAJk askotan salatu izan du Udal Gobernu honek trabak jartzen dizkiola Euskara Zerbitzuak administrazioan euskararen erabilera bermatzearen alde egiten duen lanari. Horri erantzun nahian, Urchueguia andreak aurrekontuak onartutako udal batzarrean esandakoak ekarri nahiko nituzke gogora: gure hizkuntza politikarekin elebakartasuna sustatu nahi genuela leporatu zigun. Eta akusazio hori 20 urtez Lasarte-Oriako Udaletxean bilkura bakar bat “egun on” xume batez hasteko gai ez den alkate elebakarrak egiten digu! Zazpi azal badira zenbaiten kopetan!
Tagak: Lasarte-Oria aurrekontuak EAJ EB PSE
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Ez dago erantzunik »
TrackBack URI
Erantzun bat idatzi