Urchueguiari Udalan izandako Gazte Bilkuraren inguruan Txintxarri-n
eaj_lasarte-oria @ 23:43
Txintxarri 695. zkia 2008-05-09
Alkate anderearentzat
Apirilaren 17an Lasarte-Oriako udaletxean, I.Gazte Udalbatzarra antolatu zen. Ekitaldi honetan, Urchueguía alkateari lagunduz, gazte saileko zinegotzi den Jesus Maria Zaballos eta Lasarte-Usurbil institutuko zuzendaria den Esther Urrutia egon ziren. Gaur egungo arazoetaz gazteok gure iritzia ematea eta udalari erreklamazioak egitea zituen helburutzat. Ideia erakargarria iruditu zitzaigun, hortaz, gure manifestuak prestatzeari ekin genion, ilusio handiz, gainera. Honeraino, dena ondo zihoan... 16 manifestuak irakurritakoan Urchueguía andereak hartu zuen hitza. Erantzuterako orduan izan zuen jarrera lotsagarria iruditzen zaigu. Aipatutako manifestuak aurrez jaso zituela ere helarazi nahi genuke, horietako asko euskara hutsez zirelako eta jakin badakigu, gure alkate andereak zailtasun nabarmenak dituela euskara ulertzeko, hala, erantzunak prestatuak zituen eta ez zuen inongo trabarik izan "zinegotzi" berrioi berehala erantzuteko. Bere jarrera, ordea, prepotentziaz beterikoa izan zen, inongo autokritikarik egiteko ez zen gai izan, gaiekin bat ez zetozen erantzunak entzutea ere tokatu zitzaigun… Eta, gainera, bere erantzunak amaitzean ez genuen gure iritzirik emateko aukerarik izan. Azkenean, hain ideia polita zena, Anak zapuztu zuen. Bestalde, Zaballos jaunaren jarrera goraipatu eta eskertu nahi genuke. Gurekiko izan zuen jarrera oso egokia eta umila izan baitzen gure ustetan, eta uneoro oso eroso sentiarazi gintuen bere "jefak" egin ez zuen moduan. Alkatearen erantzunen nondik norakoak aurrez ezagutu izan bagenitu, ez genuke, ziurrenik, halako lanik hartuko gure manifestuak prestatzen, alperrik egin ditugunaren sinesmenarekin geratu baikara. Hurrengo gazte udalbatzarrei begira (egongo badira), Ana, zure erantzunetan, zure ondoan eseritako gazteak zure aurkari politikoak ez direla kontutan hartzea eskatu nahi genizuke, eta erantzun batzuetan izan zenuen agresibitate puntu hori jaistea. Guk uste dugu, denok eskertuko dugula zure aldetik jarrera umilxeago bat. Besterik ez, milesker. Jon Pello Artetxe eta Iker Eneko Ortega (Lasarte-Usurbil Insitutuko ikasleak)
Tagak: Urchueguia Gazte Bilkura
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Ez dago erantzunik »
TrackBack URI
Erantzun bat idatzi