Gipuzkoako EAJ-PNVren Erki Batzarrak onartutako ondorio eta ebazpen politikoak
eaj_lasarte-oria @ 13:47
2008-04-11
Bere eskubideak zapalduak ikusi ditu Jon Jauregik. Bere pertsonarenganako, familiarenganako eta ingurukoenganako eraso zuzena zuten bideratu; eta horren guztiaren helburu bakarra, Eusko Alderdi Jeltzalearen barne hauteskunde prozesua oztopatu eta eragotzi nahi izatea, inolako zilegitasunik gabe bertan sartuta. Gertatu den guztiak agerian du uzten, Gipuzkoako Foru Aldundiko orduko arduradunak eta bere ogasun departamentukoak, gobernamendu etiko eta politiko zuzen ororen aurka aritu zirela. Hauxe da, ezer baino lehen, esan nahi izan duguna; eta zinez mintzen gaitu Jon Jauregiri berari, haren familiari eta ingurukoei eragindako samin handia.
Horiek esanda, bigarrenik adierazi halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak, eta bere ogasunekoak, gure Alderdiaren aurka aritu zirela zuzen zuzenean. GBBk Jon Jauregi Diputatu Nagusi hautagai eginda, saiatu ziren Jon Jauregik berak hautagai izateari uko egin ziezaion, dossier jakin bat esku artean zutela esanda -erakundeak berak emandako datuetan oinarritua- eta berau kaltegarri gerta lekiokeela. Eta Jon Jauregi ofizialki hautagai izendatuta, dossierra hedabideek zuten kaleratu. Eta hori, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren ebazpenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldunditik, beste inondik, ezin atera zitekeen.
Krisia bere gailurrenean, Alderdiko Aberri Batzarrak Jon Jauregiri eman zion bere babesa. Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek, erakunde honen bozeramalearen bitartez eta Alderdiaren erabakiaren aurka, bidean jarri zuten, berriro ere, auzia -Jon Jauregiri zuzeneko deia eginda-.
Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek GBBk proposatutakoaren aurka egin zuten, Gipuzkoako Erki Batzarrak erabakitakoaren aurka eta Aberri Batzarraren adierazpenaren kontra.
Alderdi Barruko sektore bien arteko liskarra bezala aurkeztu zuten gertaera jendaurrean, errealitatea guztiz bestelakoa bada ere. Pertsona talde jakin bat, orduko beraien erantzukizun publikotik, Alderdiari kontra aritu zitzaizkion -Alderdiari, bere osotasunean, kontra- eta beraren (Alderdiaren) irudia zuten guztiz mindu.
Hirugarrenik, Gipuzkoako Aldundiko arduradunek eta bere ogasunekoek, erakundeari berari eta berarenganako sinesgarritasunari zioten egin min. Onura pertsonalaren bila erakunde publikoa erabiltzea arbuiagarria da guztiz, demokrazia oinarri. Eta geureganako konfiantza galera, izan bada hein handi batean, halako jarreren ondorio.
Egin zuten Jon Jauregiren aurka. Egin zuten EAJ-PNVren aurka. Egin zuten Foru erakundearen aurka. Egin zuten etika beraren aurka. Egin zuten...orokorrean, balore demokratikoen aurka. Egin zutena da gure mespretxuko. Egindakoak beharko lituzke utzi arduradun horiek guztiak, jardun politikotik kanpo. Merezi ez soilik, Alderdikide ez izatea; politikan aritzea ere, ez dute merezi.
Halakoak, geure Alderdiko kideek egin izana dugu damu. Gipuzkoako EAJ-PNVren Erki Batzarrak barkamena nahi dio eskatu Gipuzkoako bere gizarteari, eta halako jarrerekiko tolerantziarik eza, "zero-tolerantzia" berea duela, gaurkotu; balore etiko zein demokratikoek behar baitute izan geure ordezkari politikoen eta barne kargudunen gidari.
EBAZPENA
1. Gaitzetsi EAJ-PNVko bazkide izanda, eta Gipuzkoako Erki Batzarraren eta Aberri Batzarraren beraren erabakien aurka eginda, jardun politiko zuzenak eskatzen duen kodigo etikoa larriki urratu dituzten jarrerak; gaitzetsi, horiek horrela, Alderdiaren irudiari egina zaion erosioa.
2. Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Juan Jose Mujika, Iñaki Rica eta Olatz Imazi geure deia luzatu, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen arau-hauste larriaren zuzeneko erantzule diren aldetik –Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren ebazpenak, hala egiaztatuta- EAJ-PNVren kide izateari utzi diezaioten.
Tagak: EAJ/PNV Mitxelinak
Zabaldu Bildu.net |
del.icio.us


Ez dago erantzunik »
TrackBack URI
Erantzun bat idatzi