Nik onar dezaket gure selekzioaren izenaren aurrean egunotan izan den eztabaida sutsua. Izan ere, gure Herriaren (7 herrialdeen) izen historikoa Euzkadi bazen ere, bere esanahia deskafeinatu xamarra iritsi zaigu denboraren poderioz. Ezin uka dezakegu egun Euskal Herria gainezarri zaiola. Bada, hortaz, selekzioaren izenaren gaurkotzearen baitan eztabaidarako mamia.
Hori bai, ezin onar dezaket hainbat futbolarik ultimatum gisa komunikabide orotara bidalitako manifestua gure selekzioaren izena inposatuz, partiduaren ospakizuna ere zalantzan jarriaz. Batetik, selekzioaren izena jartzea ez dagokielako jokalariei, herritarrei baizik, selekzioa ez delako jokalariena, Euskal Herriarena (edo Euzkadirena) baizik. Bestetik, errespetua zor diotelako 70 urteko bizitza duen selekzioari (Euzkadiko selekzioari); izan ere, egoera larrienak jasanda ere, exilioa jasanda ere, Euskal selekzioak inoiz ez duelako partidu bat bera ere bertan bera utzi, are gutxiago jokalarien aldarrikapen politikoak direla medio.

Llorente euskal herriko selekzioa aldarrikatzen
Gainera, kexuak kexu, jokalari hauek ez dute inolako barne gatazka ideologikorik, behin manifestua sinatu eta gero BMWa hartu eta Espainar selekzioarekin jokatzera joateko (Llorente errioxar euskaldunduaren kasu). Eta ez uste, nik onar dezaket euskal kirolari batek bere etorkizun profesionalari begira Espainiar selekzioarekin jokatzeko inolako eragozpenik ez jartzea. Baina hori kontutan izanda, ez diezaiotela inori euskaltasun lekziorik eman!!! Etxean otso, kalean uso.
Alde galanta dago BMWaren belaunaldiko Euskal Herriko eta 37an erbesteratutako Euzkadiko selekzioen artean.
Izan ere, honelako euskal herritarrekin, nahiago euzkotar izaten jarraitu.



Zabaldu
del.icio.us





