Lasarte-Oriako EAJk bere iritzia plazaratu nahi du 2009rako Udal Aurrekontuak direla-eta:
1.- Gogor salatu nahi dugu Udalaren gobernu taldeak erakutsi duen arduragabekeria, herriaren diruak kudeatzeko gastuen eta sarreren aurrekontua ez aurkeztea erabaki duelako.Beste era batean esanda, ez dute egingo udal batek, enpresa batek edo familia batek nahitaez egin behar duen gauza nagusietako bat:aurrez ongi begiratzea zein diru sarrera izango dituen, zein mailegu eskatu beharko duen, eta zenbat diru gastatuko duen gauza bakoitzean, lehentasunen arabera.
Ez dago aitzakiarik halako jauntxokeria egiteko. Herri erakunde batean herriaren diruak kudeatzen dituzten guztiek betebehar hori dute, hain zuzen ere, aurrekontuak egin eta aurkeztekoa. Soldata ez txikiaren truke hainbesteko ardurarik eskatu behar zaie.
Gure inguruko udal guztiek aurkeztua dute (Donostia, Hernani, Usurbil, Astigarraga, Andoain), edo aurkeztuko dute aurki, aurtengo aurrekontua; eta Lasarte-Oriakoak, zergatik ez?
Tamalgarria da Lasarte-Oriako PSEk txintik ez esatea, eta lotsagarriagoa, oraindik, Ezker Batuko ordezkaria erabaki hori zuritzen ibiltzea.
2. Alkatearen erabaki horrek ahultasun izugarri bat ezkutatzen du, egiazki, ez baita gauza egoera ekonomikoari aurre egiteko. Ihesean dabil, garai hobeak etorriko direlakoan, ezer egin gabe eta azalpenik eman gabe. Izan ere, joan den osteguneko udal batzarrean, aurrekontu proiektua aurkezteko asmorik ez zuela adierazi zuenean alkateak, galdera asko gelditu ziren airean. 2008ko aurrekontua 45 milioi euro izan zen, eta 2008ko apirilaren 30ean onartu zen. Hala eta guztiz ere, aurrekontu horren % 59,18 besterik ez zen gauzatu, eta urtea 3,5 milioi euroren zorrarekin amaitu zen (2008ko diru sarreren eta gastuen arteko aldeak sortzen du zor hori). Garai hartan argi eta garbi adierazi genuen, eta publikoki salatu ere, aurrekontua amets bat zela, guztiz: diru sarrera batzuk kontuan hartzen ziren, nahiz jakin, ordurako, sarrera horiek ez zirela inoiz iritsiko; baina, orduan esan genuen moduan, kontu bakarra zen hitz merkeak esatea, historiako aurrekonturik handiena zelakoan. Orain, berriz, aitortu behar izan dute ez bakarrik diru sarreretan huts egin zutela, baizik, gainera, etxegintzaren anpulua hustu egin dela eta krisia erdiz erdi lehertu zaigula. Hori gutxi ez-eta, alde batetik, udal guztiek bezala, Foru Ogasunari itzuli egin behar diogu Udalak Finantzatzeko Foru Fondotik jasotako gehiegizko dirua; eta, bestetik, «ziurtzat» jotzen ziren diru sarrera batzuk (hirigintza jarduerenak) jaso gabe gelditu gara. Emaitza garbia izan da: urte kaotiko bat eta 3,5 milioi euroko defizita.
3. Orain galdetu beharra daukagu zer egingo duten eta zer egiten ari diren 2009an. Alkatearen erantzuna ezaguna dugu: aurrekonturik aurkeztu ez, azalpenik eman ez, eta urtea nola edo hala pasa. Alabaina, ardura pixka bat edukiko balu, beste erantzun bat eman behar luke: diru sarreren azterketa zentzuzkoa egin, hitzartuta dauden gastuei aurre egiteko bide egokiak bilatu, gastu batzuei lehentasuna eman eta beste batzuk baztertu, betiere gastuak ez daitezen sarreren gainetik joan. Labur esanda, bere beharkizuna bete behar luke, horretarako ordaintzen baitzaio: aurrekontua aurkeztu eta defendatu.