"Hitza Hitz" manifestua

Euskal Herriari Bai
Gaurko eguna, 2008ko urriaren 25a, hautatua zitzaien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa euskal lurraldeetako herritarrei, eusko Legebiltzarrak legez onartua zuen kontsultan parte hartzeko. Kontsulta legeari, Espainiako Gobernuak eta bere presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok helegitea aurkeztuta, Espainiako Erreinuko auzitegi Konstituzionalak epaia adostu eta debekua dio ezarri.
Gernikatik hasi -eta Amorebieta, Durango, Urkiola eta Legutiano tarteko- hemen, Gasteizen batu gara euskal herrialde desberdinetatik etorritako hautetsiak, Europari eta munduari begira, adierazi eta aldarrikatzera izan bagarela, badela gugan Herririk, eta badela gugan, libre eta demokratikoki gure etorkizuna erabakitzera deituak eta galdetuak izateko eskubiderik.
Gaur eta hemen, guztiok bat eginik -eta bat eginik, nor bere proiektu politikoen ordezkaritzatik eta nor bere lurralde esparru juridikotik- argi nahi dugu adierazi, Europako gainontzeko herri guztien artean berezko nortasuna duen Herria dela geurea, berezko historia, gizarte-antolakuntza eta kultura ondare dituela, eta bi estatutan giltzatutako zazpi lurraldetan du bere leku geografikoa.
Bakeari Bai
Giza eskubide guztien aldeko konpromisoa geurea dela nahi dugu adierazi; giza eskubide guztiak eta guztienganakoak. Bakean eta libertatean bizitzeko gure eskubidea nahi dugu aldarrikatu. Helburu nagusi dugu Bakea, banakako eta taldeko gure erantzukizuna; geure eskubide ere bada, euskal gizarte garen aldetik.
Uko egiten diogu biolentzia edo mehatxu orori eta berauen erabilerari, dela egoera politikoa aldarazteko, dela -soluzio bila ibilita- eman litezkeen elkarrizketa eta negoziazio prozesuengan eragina izateko. Bakea zor dio ETAk herri honi. Eskatzen diogu ETAri adierazi beza, biolentziari behin betiko uko egiteko egiazko borondatea duela; hala exijitzen diogu; halako erabakia izango baita prozesu berria hasteko lehen urratsa, eta hortik aurrera, biolentziaren behin betiko amaiera adostuta, etorriko baitzaio geure herriari bakezko etorkizun oparoa.
Bake-lorpena, gatazka politikoen konpontze bideetatik bereiztearen irizpidea geure egiten dugu. Hortaz diogu, biolentzia ezin erabili litekeela arazo politikoei konponbidea bilatu edo ukatu aitzakiatan.
Salatu nahi ditugu auzitegietako gehiegikeriak, legediarenak, pertsona, talde, alderdi politiko, hedabide, buruzagi politiko nahiz erakundeenganakoak; berauen eskubideak, berauen askatasuna eta zor zaien berme demokratikoa urratuta ikusi duten neurrian.
Elkarrizketa politikoari, Bai
Herriaren ordezkari politiko garen aldetik, argi nahi dugu adierazi, mugarik gabeko, bazterketarik gabeko elkarrizketa prozesuen alde, gure konpromisoa, alderdi politiko guztien artean adostasuna lortuta, izaera politikoa duen gatazka soluzio bidean jartzearren.
Normalizazio politikoak eskatzen ditu, bazterketa baino bat-egite ahaleginak; eskatzen ditu baldintzetan berdintasuna aniztasuna bermatzeko; eskatzen ditu alderdi politikoenganako mehatxuak desagertzea eta gizarteko adierazpen politiko orok izan dezala bere legezko adierazpena. Mintzamena, elkarrenganako errespetua, bide demokratikoen aldeko konpromisoa (soilik haienganakoa) dira normalizazio politikorako jatorrizko premisak.
Erabakitze eskubideari, Bai
Libreki erabakitzea dute herri guztiek berezko eskubide. Euskal Herriak berea du, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea; berea du galdetua izateko eskubidea eta hala adierazitako borondatea, errespetatua izatekoa.
Gaur, XXI. mendea hasi dugun honetan eta printzipio demokratikoaren argitan, ezin ezarri litezke ezta indarrean mantenu ere, alde bakarreko irizpideetatik eraikitako egitura politikoak, betoa eta debekua oinarri dituztela, espainiar nahiz frantziar subiranotasuna aldarrikatzea -soilik haiena- zilegi jota.
Printzipio demokratikoak eskatzen baitu, tarteko direnen aldetik elkarrenganako errespetua, aintzat elkar hartzea; eta ondorioz, hortik aurrera, akordioak itxi, beren baitan izate politiko desberdinak egon badaudela aitortuta, elkarbizitzarako ateak irekitzeko.
Inposaketa, biolentzia, eta debekua etorkizunik ez duten erabaki eta neurriak dira, eta tamalez, geure Herriari bere egunerokoan ezartzen zaizkionak. Protagonista nagusi, euskal gizartea da; hala da, eta hala behar du. Demokrazian sakontze egitasmoek; banakakoen konpromisoa nahiz taldekoena..., erabakigarri dira Herri honetako gehiengo soziala babesteko, bakea eta libertate bila, akordio berrien ahaleginetan. Bide-zidorrik ez dago, ezta soluzio magikorik ere. Hitza hitz, pausoz pauso, geure Herriarentzat bakea eta bere erabakitze eskubidea helburu, bidetik atera gabe aurrera egiteko... hauek geure hitzak, horra geure konpromisoa!

Zabaldu
del.icio.us
